Elkartrukea: Holandesak Beasainen

Azken urte hauetako tradizioa jarraituz, aurten ere elkartruke bat izango dugu eta honen lehenengo partea izan dugu jadanik: Holandesak gure artean egon dira.

Urriaren 14an iritsi ziren eta tren geltokiaren inguruan jendetza bilduta zegoen harrera emateko. Aurtengo taldea 49 ikaslek eta 5 irakaslek osatzen zuten. Hasierako nerbioen ondoren ikasle guztiek aurkitu zuten euren ikaslea eta geltokiak bere normaltasuna errekuperatu zuen.



Aurtengo programa beste urtekoaren antzekoa zen, gauza batzuen ordena aldatu bagenuen ere. Astelehenean institutura joan ziren. Hasieran Holandesak bakarrik egon ziren euren lehenengo inpresioak komentatzeko. Ondoren, gure zuzendariak agurtu zituen eta honekin bukatu ostean elkartrukean parte hartzen duten ikasle guztiak elkartu ziren pretatu beharreko lanekin hasteko. Goiz erdian lana amaitutzat eman zuten eta Holandesak Segura bisitatzera joan ziren gero gure ikasleen bila etortzeko.

Asteartean bisitak hasi ziren. Lehenengoa Bilbo izan zen non Erriberako merkatua eta Guggenheim museoa bisitatu zuten. Asteazkenean mendira joan ziren, Urbiara. Holandesentzat mendian ibiltzea esperientzia berezia izaten da, euren lurra erabat laua bait da. Ostegunean Donostiara joan ziren eta bertan Urgullera igo ziren gure ikasleekin batera. Zoritxarrez euria hasi zen eta planak aldatu behar izan zituzten: Kontxa oinez pasatu beharrean autobusez pasatu zuten eta Haizeen Orrazia ikustera joan ziren. Itsasoa mugitua zegoen eta tokia dastatzeko aukera izan zuten.

Ostirala azken eguna izan zen. Goizean familiek euren bisitanteak maletekin eraman zituzten. Holandesek Igartza bisitatu zuten eta goiz erdian gure ikasleak beraiekin elkartu ziren denak gosaltzeko. Ondoren Holandesak autobusa hartu zuten bueltako bideari ekiteko. Agurrak, beti bezala, hunkigarriak izan ziren. Apirilean ikusi arte!

Comentarios