IRTEERA CEMENTOS REZOLARA



Asteartean, hilak lau, kimikako bigarren mailako ikasleak Añorgako Cementos Rezola lantegira joan ginen. Bertako museoa ezagutu genuen eta zementua lortzeko prozesua eta lantegiaren historia azaldu zizkiguten.

Kareharria eta marga dira zementuaren lehengai nagusiak. Marga lantegi atzen dagoen harrobi batetik lortzen dute eta kareharria Andoainen dagoen harrobi batetik. Hauek lehergailuen bidez lortzen dituzte, harriak barrualdean aurkitzen baitira. Lehergailuen bidez behar duten zatia soilik lehertzen dute eta ondoren hau jaso egiten da. Leherketa Guardia Zibilak kontrolatzen du.
 
Kareharria eta marga kopuru jakin batean berotzen dira 1700ºC-tan. Hortik klinker izeneko beste harri artifizial bat lortzen da. Labe hori kokearen bidez berotzen da, erregai fosil bat, eta energia handia behar du.

Klinkerrari igeltsua eta substantzia gehigarriak gehitzen zaizkio. Horrela, zementua lortzen da. Laborategien helburua substantzia gehigarrien proportzioa handitzea eta lehengaiena txikitzea da, produktu gehigarri hauek birziklatuak baitira.

Hainbat neurri hartzen dituzte zementua lortzeko erabiltzen dituzten lehengaiak iraunkorrak izan daitezen. Hala nola, karbono dioxido emisioa kontrolatzen dute; inpaktuak gutxitzen dituzte zuhaitz berriak landatuz harrobietan… Egia esan, ingurumen arazoa kontuan hartzen dute eta hori oso garrantzitsua da.

Bestalde, enpresaren historia zertxobait azaldu ziguten. Bertako etxeetan langileak bizi zirela azaldu ziguten. Gaur egun museoa dagoen lekuan eskola bat omen zegoen langileen umeentzat eta bertan ikasten zuten beraien ofizioa. Langileek bertako dendan erosten zituzten beraien gauzak eta denda hura enpresarena zen.

Oso interesgarria iruditu zitzaigun bisita eta gauza asko ikasi genituen.

Comentarios