Ekialdeko euskalkien irrikaz



Euri eta elurrez blaitutako urteko hilabeterik laburrenari agur esateko asmoz edo, Ekialderantz abiatu ginen joan zen ostegun goizeko zortzietan euskal dialektologiaren berri zehatzago izateko 39 ikasle eta bi irakasle.

Lehenengo geldialdia Donibane Garazin izan genuen eta bertan zain geneukan ibilaldi osoan gidari izango genuen Allande Sokarros zuberotarra. Zuberoarako bidean Donaixti herria zeharkatu genuen, Nafarroa Behereko azkena, eta  Oskitzeko lepoa igo genuenerako zain geneuzkan Zuberoako teilatu berezi ilun-beltz horiek eta bidearen ertz batean Azkorria Gaztandegia. Bertan gelditu eta gazta dastatzeko aukeraz gain, bertako arduradun den Dominika Agergarairen aurkezpen saio  ederraz gozatzeko aukera izan genuen.  Bost minutu baino ez zitzaigun geratzen Maulera iristeko eta mokadu bat egin eta herria pixka bat ikusi ondoren berriro ere Mendebalderantz abiatu ginen, datorren urtean beste ikasle batzuekin Allanderen, Dominikaren eta beste hainbat zuberotarren euskalki eder horretaz gozatzeko irrikan.

Comentarios