Elkartrukea: gure bidaia Groningenera


Apirilaren 20an Institutuko 50 ikasle euren 3 irakasleekin urteroko elkartrukeko bidaiari hasiera eman zioten. Helburua Groningen hiria zen, Herbeheretako iparraldean. Bidaia, luzea izan arren, problemarik gabekoa izan zen eta igandeko eguerdirako iritsi ginen. Han bazeuden familiak gure zain eta ikasle bakoitza haiekin joan zen.





 
Astelehenean institutuan elkartu ginen hasierako kontaktuak nolakoak izan ziren jakiteko eta baita Zernike Institutuko Nazioarteko Aste Kulturalari hasiera emateko. Irekidura ofizialaren ondoren ikasleak banatu ziren gela desberdinetan beste herrietako ikasleekin nahasiz, hainbat klase izateko, haien artean Holandar berezitasunak, Geografia eta Zientziak. Honetaz gain denbora izan zuten euren lagunekin prestatu beharreko klaseak antolatzeko.


Asteartean lehenengo txangoa izan genuen, Amsterdamera. Bidean Dike Handian geldiune bat egin genuen ingeniaritzako lan ikaragarri hau ikusi ahal izateko. Amsterdamen gure helburua berrikuntzen ondoren ireki berria den Rijkmuseum izan zen. Ariketa bat genuen bertan egiteko baina jendetza ikusirik ezinezkoa izan zen hau egitea. Ondoren pentsatuta genuen gin-kana bat egitea hirian zehar baina ikasleak nekatuak zeudela ikusirik planak aldatu genituen eta denbora libre eman genien. Gehienek erosketak egiteko aprobetxatu zuten.


Asteazkena mintegietako eguna zen. Ikasleak Zernikeko egoitza desberdinetan banatu ziren eta bakoitzak bere taldearekin, euren lana aurkeztu zuten. Hau guztien helburua ikasle gazteei herri desberdin batean kulturaren inguruan ikusitako desberdintasunak aurkeztean datza. Mota guztietako lanak ikusi genituen: dantzak, musika, kirola, artea, pintxoak, sukaldaritza, etab. Talde bakoitzak bere proiektua bi aldiz aurkeztu zuen.



 
Ostegunean beste irteera bat izan genuen: Giethoorn herria. Herri txiki honetan kanalak daude eta ikasleak txalupatan ibili ziren arrauna egiten. Entretenitua baina baita neketsua izan zen gehienentzat. Ondoren bazkaldu genuen eta berriro Groningenera abiatu ginen. Gauean azkeneko jaia izango zuten alkoholik gabeko diskoteka batean.




Ostiralean, gure maletak harturik, institutura joan ginen eta bertan gure lagunekin gosaldu ondoren, autobusera joan ginen gure bidaia hasteko. Han izan genituen agurrak eta pena apur batekin bueltako bideari ekin genion. Bidaia espero genuen baino luzeagoa izan zen trafiko handia zegoelako baina azkenik gure etxeetara iritsi ginen.

Laster hasiko gara datorren urteko elkartrukea antolatzen.





Comentarios