Ibilaldi antropologiko - zientifikoa


Maiatzaren 26an, larunbata, goizean goiz eman zitzaion hasiera mendi irteerari. Autobusa hartu Beasaingo geltokian eta hor goaz Lizarrustira. Goiz busti  xamarra izan arren, eguraldiak hobera egingo zuela nahi genuen pentsatu.
 
Ibilaldian zehar, bost ikerlari eta zientzialari izan genituen:
  • Josean Mujika, historialaria
  • Arantxa Bodego, geologoa
  • Ane Dorronsoro, geologoa
  • Mikel Etxeberria, biologoa
  • Idoia Goikoetxea, biologoa
 
Aterkia irekita abiatu ginen arren, laster atertu zuen. Gure lehen helburua Lareoko urtegira heltzea izan zen . Urtegia ia beteta dagoenez, inguru zoragarria genuen begien aurrean. 
 
Orduan, lehen trumoi hotsak entzun ziren. Guk aldez aurretik prestatutako planari eutsi genion eta Baiarrate aldera ekin genion. Han ginela, ekaitz gogorrak astindu gintuen: trumoia, euri-jasak... Zorua erre kasto, putzu eta buztin bilakatu zen. Horrela segitzerik ez zegoela eta buelta hartu eta Lizarrustira itzuli ginen. 
 
Hara itzulitakoan, hamaiketakoa egin ondoren, parketxean dagoen maketaren bueltan hainbat azalpen eman zizkiguten gure adituek:

  • Arantxak eta Anek milioika urte atzera egin zuten bilakaera geologikoa aztertzeko.Kareharriak sortu dituen paisaiak aipatu zituzten: mailaskak, dolinak, kobazuloak...Bereziki azpimarratu zuten Ataunen dagoen altxor geologikorik handienetakoa:Aitzarteko domoa.
  • Mikelek, behin glaziazio garaia pasatu ondoren inguru horretan zegoen landaredia eta gaur egun dagoena oso antzekoak zirela aipatu zigun.
  • Joseanek gizakien ehorzketari buruz hitz egin zigun. Aztarnarik zaharrenak 6000 urte ingurukoak dira. Garai hartan, trikuharri eta kobazuloetan egiten zituzten ehorzketak. Geroago, gorpuak errausten hasi omen ziren.
  • Idoiak indusketak egiten direnean gorpuzkinak bereizteko erabiltzen dituzten
  • irizpideak aipatu zituen: aldaka hezurraren itxura, garezurra, hortz-haginak...
 
 Bertatik bertara ikusterik izan ez genuena maketaren gainean irudikatu ondoren, etxera itzultzeko garai iritsi zen. Txango guztiz interesgarria. Han izan ginenoi, eguraldi hobeagoarekin ahal bada, Lareo-Baiarrate-Jentilarri-Ondarre-Argarbi ingurua ezagutzeko arantza ongi itsatsia geratu zitzaigun. Ea aurtengo uda amaitzerako lortzen dugun!

Comentarios